XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ama Birjinaren mantua eskatzen zutenei uzten zitzaien. Amak ere etortzen ziren, hizketan atzeratuta zetozen umeekin. Serorak aldarearen gainetik pasatzen zuen haurra Kredo bat eta bi Aitagure errezatzen zituen bitartean.

Jaunaren lanparako olioa oso mesedegarritzat jotzen zen jaioberrien zilborrestea orbaindu edo zikatrizatzeko. Era berean, aldare azpian bazen zulo bat, eta fededunek han burua sartu eta Kredoa errezatzen zuten, burukomina sendatzeko eta haren kontra babesteko.

Lehen aipatu genuen, nola hango Ama Birjinaren egunean, irailaren 8an, bi meza ematen ziren, bat goizeko 7etan eta bestea meza nagusia 10etan, agintari guztiak bertara etortzen zirela. Bi edo hiru egunetan, trikitixak, txistulariak, jolasak, berbenak etab. izaten ziren hango zabaldietan.

San Antonio Paduakoaren ermita. Ereñozuko auzoa

Ereñozuko auzoaren erdian San Antonio Paduakoaren ermita dago, 1863aren eta 1866aren artean bertako bizilagunen ekimenez jasotakoa, bada ordurarte ordu t'erdiko bidea egin behar izaten zuten parrokiaraino beren elizako obligazioak betetzeko.

Ereñozuko komunitatea 20 baserrik osatzen zuten; 36 familia bizi ziren bertan eta guztira 247 arima, hauen artean Txirrita bertsolari famatua. Komunitate honek, beraz, Txokolatenea baserriko lurrak erosi zituen eta auzolanean egin zuten beren parrokia.

Beren urrezko ezteiak zirela-eta, 1916ko ekainaren 13 eta 14an ospatu baitziren, Gasteizko Apellaniz etxeak eraikitako aldare eder-eder bat inauguratu zen. 1970 aldera obra handiak egin ziren hura birmoldatzeko.

Korutik museo txiki batera sar daiteke, non xarmaz eta bakuntasunez usariotik kanpo dauden kultu-gauzak erakusten diren: taila batzuk, kopoiak, binajerak, argazki zaharrak liturgiako tresnak, etab...

Neskatxa ezkondu gabeak San Antoniorengana etortzen ziren, honek senargaia eman ziezaien; asko eta asko oinez joaten ziren Hernanitik edo belauniko igotzen zituzten ermitara bideko eskailerak.

Santiagoko ermita. Pagoetako auzoa

Santiagoko ermita kasik Hernani eta Arano arteko muga-mugan dago, edo gauza bera dena, Gipuzkoa eta Nafarroaren artean, Urumea errekaren alde banatan.